Ziberbullying protokoloa

Andrea Alfaro

Ziberbullying ProtokoloaOrain dela hiru urte Eusko Jaurlaritzak ziberbullying protokolo bat argitaratu zuen zentroek eduki dezaten. Nahiz eta oso luzea izan, oso inportantea denez, laburpen bat egin dugu eta zati batzuk atera ditugu irakur ditzazuen.

Ziberbullying motak:

Ziberbullying-a, funtsean, zeharkako bulllyingtzat hartzen da, hiru motatako jazarpenaren bidez gauza daiteke: zirikatzea, bazterketa eta manipulazioa.

1.Zirikatzen denean, pertsona bati buruzko irudi edo bideo iragaingarriak  bidaltzen dira, pertsona bati atzetik jarraitzen zaio software espioen bitartez; birus informatikoak bidaltzen dira, on line dauden bideojokoetan trebetasun gutxien duen jokalariak aukeratzen du beti beste jokalariak, hari etengabeko irabazteko, umiliatzeko eta abar.

2.Bazterketa gertatzen da, besteak beste, ingurune publikoetan behin eta berriz jazartzen denean edo mespretxuzko iruzkinak edo zurrumurru iraingarriak bidaltzen direnean horiek zabaltzeko helburuarekin; eta talde osoaren foro, txat edo plataformetarako sarbidea ukatzen zaionean biktimari.

3.Manipulazioa deritzo plataformetan (sare sozialetan, adibidez) aurkitutako informazioa behar ez bezala hedatzeari plataformetako kideen artean edo beste pertsona baten ezkutuko zenbakia erabiliz sartu eta haren izenean kalte eragin diezaioketen ekintzak egiteari eta abar.

Aurreikusi ezin diren ondorioak

Ziberbullyingaren izaera berezitik oso ondorio txarrak erator daitezke tartean diren alderdi guztientzat espero ez dugun bezain garrantzitsu bihur daitezkeelako ziberjazarpen- ekintzak, eragin potentzial handia baitute; batzuetan, jazartzen dutenei eskuetatik ihes ere egin diezaiekete ekintzok.

Mota horretako arazoetan, babesgabetasuna, sufrimendua eta erantzuteko gaitasun urria izatea eragiten dute honako hauek: jazarpen mezu elektronikoak batetik bestera ibiltzen diren abiadura kontrolatzeko zail izateak; erasotzen duenaren nortasuna ezezaguna edo, batzuetan, faltsua izateko aukerak; webguneetan egiten diren ekintzen ondorioak ez ezagutzeak, eta etengabeko irisgarritasunak, besteak beste. Gainera, neska-mutilek, eta beren legezko erantzuleek, ez dute jakiten, eskuarki, mota horretako ekintzak delitu izan daitezkeenik. Era berean, batzuetan, ikus-entzuleek ez dute jakiten ziberbullying-ekintza batean laguntzaile direnik.

Ziberbullyingean eragin zuzena izan dezaketen jokabide eta adierazleak

  • Ordu asko ematea Internetera konektatuta edo mugikorrarekin
  • Internet erabiltzen dutenean gurasoek ez gainbegiratzea
  • Interneten egiten duenaz edo gertatzen zaionaz ez hitz egitea
  • Ordenagailua edo Internetera konektatzeko gailua logelan bertan izatea, edo konektatzen denean gurasoek gainbegiratu ezin duten beste lekuren batean
  • Internetera konektatuta dagoen edo mugikorra erabiltzen ari denean gertatutako eteteengatik haserretzea
  • Mugikorrean beti aurkitzeko moduan egoteko beharra izatea, lo dagoenean ere bai

Biktima izan daitezkenaren jokabideak eta adierazleak:

  • Posta elektronikoko edo Interneteko programaren bateko pasahitza ematea lagunen bati
  • Pasahitz bera erabiltzea Interneteko programa edo orri bat baino gehiagotarako
  • Datu pertsonalak Interneten ematea edo Interneten ikusgai jartzea
  • Ikastetxean bullying tradizionalaren biktima izatea edo lehen izan izana
  • Bat-bateko umore aldaketak izatea
  • Tristura eta gogorik eza erakustea eguneroko jardueran egitean
  • Autoestimu txikia izatea edo ziurtasun-gabeziaren zantzuak erakustea
  • Isolatzeko  joera izatea

Erasotzaile izan daitekeenaren jokabideak eta adierazleak

  • Mugikorrean edo Interneten beste pertsona bat delako itxurak egin izana inoiz
  • Argazkiak edo bideoak erakustea/bidaltzea bideoaren protagonistarentzat umiliagarriak edo desatseginak izan arren barregarrri iruditzen zaizkiolako
  • Ikastetxean ikaskideren bati beldurra eragin edo ikaskideren bat jazarri izana
  • Parekoekin nagusikeria-jokabidea, botere-abusua eta errespetu falta izatea

Nola jokatu ziberbullyinga gertatzen den susmoa dugunean

Ziberbullying-kasuetan ikastetxeek izan behar duten jokabideari buruzko eztabaida luzeetako bat da ea arazo hori eskola-arazotzat jo behar den ala ez. Alde horretatik ikastetxeek onartu behar dute, gertaerak eskola-ingurunetik kanpo gertatu zein ez, beren ikasleen garapena sustatzeko betebeharra duten erakunde diren aldetik, esku hartu behar duela ikastetxeko ikasleren bat ziberbullying-egoera bat jasaten izan daitekeelako susmoa duen edo dakien bakoitzean, jurisprudentziak agerian utzi duen bezala.

Ondorioz, eskola-elkarteko edozein kidek (irakasleak, ikasleak, familia eta irakasle ez diren langileak) susmoren bat duenean, seinale arrazoizkoren bat dagoela uste dutenean edo berariaz dakienean ziberbullying-egoera bat gertatzen ari dela, ikastetxeko Zuzendaritzari jakinarazteko betebeharra du. Hain zuzen ere, pertsona edo agintari ororen betebeharra da agintaritzari edo agenteei jakinaraztea adingaberen batengan eragina izan dezakeen arrisku-egoera oro eta, behar badu, berehala laguntza eman behar dio.

Susmoren bat izanez gero, tartean den irakaslearen tutoreak koordinatu behar ditu, irakasle-taldearekin batera, susmoa benetakoa den ala ez egiaztatzen lagunduko duten beharrezko ekintzak.

Tutoreak, irakasle-taldearekin-batera, koordinazio-lana egingo du. Horrek, baina ez du esan nahi soilik pertsona horiek inplikatuko direnik prozesuan; hala ere, tutoreak antolatu behar ditu hartu beharreko neurriak, lehen ekinaldian, egoki jotzen badira (tartean den irakaslearen nortasuna konfidentzialtasunez tratatuko da). Prozesu horretan beti gogoan izan behar da oso garrantzitsua dela berehala jardutea, eta erreferentea izan behar dira honako hauek: ikastetxeko orientatzailea edo aholkularia; Berritzeguneko (Hezkuntzaren berrikuntzan eta prestakuntzan laguntzeko zentroa)  erreferentziazko aholkularia, Bizikidetza plana; Antolakuntza eta Jarduera Araudia (AJA) edo Barne Araudia; Estatuko edo autonomia-erkidegoko araudi osoa, ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, eta eskola umeen arteko tratu txarren kasuetan jarduteko protokoloa, kasuan kasu.

Behin ziberbullying-egoera posiblea egiaztatu denean, ikastetxeak lanean hasi beharko du berehala eta hiru jarduera-ildotan aldi berean, hona hemen hiru jarduera-ildook: balioztatzea, jakinaraztea eta babes-ekintzak.

Balioztatzea:

Ustezko biktimarekin elkarrizketa egiten denean, honako hauek egin ditzan saiatu behar da, bereziki:

  • Gertatu den guztia eta uneko egoerara iristeko zer gertatu den azter dezala
  • Jasaten ari den jazarpenaren edukia azter dezala eta ikus dezala ea eduki horrek korrelaziorik duen nolabaiteko loturarekin, harreman sentimentalekin edo pertsonaren batekin izan duen maitasun-eta/edo sexu-harremanekin.
  • Identifika dezala zein gertaera zehatz jasan duen, eta egoera eragin duen pertsona edo pertsonak ezagutzen dituen ala ez
  • Adieraz dezala ustezko jazarpena zein plataformaren bitartez gertatu den (finkoa edo mugilkorra) eta zein aplikazioz baliatu diren (sare sozialak, berehalako mezularitza, webguneak-hala nola-you tube-, foroak, blogak, posta elektronikoa, testu, edo multimedia mezuak telefono mugikorren bitartez eta abar).
  • Lagun dezala ikusgai dauden edo aurki daitezkeen probak identifikatzen

Ezinbestekoa da uneoro laguntza eskaintzea, behin eta berriz esatea bera ez dela gertatzen ari zaionaren errudun, eta galdetzea ea ekintza bereziren bat egiterik nahi duen, gertatutakoa argitu bitartean.

Ustezko biktimaren familiarekin ere banako elkarrizketa egitea

Jakinaraztea:

Tutoreak egiaztatze-fasea bukatzen duenean zuzendaria jakinarazi behar zaio, eta hark ikuskatzaileari.

Era berean, oso garrantzitsua da gertatutakoan ustez tartean diren ikasleen familiei jakinaraztea, prozesuan koordinazioa eta komunikazioa izan daitezen familiaren eta ikastetxearen artean.

Babes-ekintzak:

Biktima izateko arriskuan izan daitezkeen adingabeekin

  • Ez izan beldurrik gaiari buruz berarekin hitz egiteko; prest izan beti hitz egiteko
  • Esan beti entzuteko prest izango garela; adierazi guztion arazoa dela, eta ez harena bakarrik
  • Eduki sexista eta/edo sexualarekin jazarria bada, indartu konfiantza, jasaten ari den jazarpenaren edikiei loturik izan daitekeen edozein esperientzia konta dezakeela jakin dezan, hala nola arroparik gabeko argazkiak bidaltzea sarean, harreman intimo eta/edo sexu-harremanetan egindako grabazioak eta abar. Oso argi utzi beti esperientzia horiek ez dutela justifikatzen jasaten ari den jazarpena
  • Jakinarazi ez duela ez arazo hori ez besterik ezkutatu behar, laguntzari esker guztia konpon baitaiteke
  • Azaldu gertatzen ari dena ez dela bere erruz gertatzen ari
  • Hitz egin eta planifikatu berarekin zer egin
  • Familiak eta ikastetxeak harremanetan jarrai dezatela, arazoaren jakitun izan daitezen eta arazoari errazago hel dakion
  • Gorde gertatzen ari denaren frogak
  • Hasi eta mantendu erason gehiagoren aurrean suebaki gisa balio dezaketela jo ditugun neurriak

Ziberrerasotzaile izateko arriskuan izan daitezkeen adingabeekin:

  • Jakinarazi halako egoerak eten behar direla
  • Ohartarazi oso garrantzitsua dela egoerari heltzea
  • Ez saihestu arazoa, eta hitz egin harekin, pentsatzen duenaren gainean
  • Eztabaida egin ziberbullying-egoerek biktimentzat zein erasotzaileentzat dituzten ondorio kaltegarriei buruz
  • Jakinarazi garrantzitsua dela barkamena eskatzea eta egindako kaltea konpontzea
  • Familia eta ikastetxea harremanetan jarri, arazoa ezagut dezaten eta horri hel diezaioten
  • Hitz egin lagunei eta denbora librean egiten dutenari buruz
  • Esan lagunak izateko ez dela beharrezkoa etsairik izatea
  • Ez errudun sentiarazi, baina lagundu bere jokabidea aldatzen
  • Ulertarazi helduengan eta parekoengan islatzen dela bera
  • Era positiboan sendotu egiten dituen aldaketak, txikiak eta hutsalak direla eman arren
  • Gogoan izan une zailak igaroko dituela, konpromisoetako batek ohiturak aldatzea badakar berekin, eta lagundu

Nola jokatu ziberbullying-kasuetan

Ikastetxeren batean ziberbullying kasuren bat gertatzen bada, honako ekintza hauetako zenbait sustatu beharko lirateke:

  • Gogoeta orokorra, ikastetxeko bizikidetzaren kalitateari buruz, bizikidetzarako printzipio demokratikoen barruan, ez dira ahaztu behar oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzea, bai eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ere, eta sexuagatik inor ez diskriminatzea ere
  • Tutoretza plana eta Bizikidetza plana berraztertzea
  • Bitarte elektronikoen bitartez (Internet edo telefono mugikorrak) sortutako gatazkak konpontzeari buruzko prestakuntza ematea irakasleei eta nabarmendu zein diren adingabeek halako bitartekoak erabiltzen dituztenean sortu behar dituzten elkarrekintza sozial eta pertsonal egokiak
  • Ikasleei prestakuntza ematea IKTak modu positiboan erabil ditzaten, eta kritiko izan daitezen sexua eta/edo beste edozein izaera dela-eta duintasun txikiago edo handiagotzat jotzen dituzten edukiekiko, edo sexu objetu soiltzat jotzen dituztenekiko, eta kritiko ager daitezen, halaber, pertsonen, eta bereziki, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edo indarkeria erabiltzera bultzatzen dutenekin.
  • Ikasleen batzordea sortzea on line eta off line egiten duten bizikidetza hobetzeko inplika daitezen
  • Salaketak, erreklamazioak eta kexak jasotzeko egiturak eta baliabideak sortzea eta edatzea: iradokizunen postontzia, posta elektronikoa, berariazko webgunea, telefono laguna, eta abar. Bitarteko elektronikoek ematen duten anonimo izateko aukera, orain, lagungarri izan daiteke

Jazarpena bukaraztea bezain garrantzitsua da jazarpena aurreikustea. Beraz, honako ekintza hauetako zenbait egin beharko lirateke:

  • Gaitu eta motibatu, ikaskide baten sufrimendua “txibatzea” eta sufrimendu hori “salatzea” bereiz dezaten
  • Ikasgelako harreman-giroaren jarraipenak egin, eta beti saiatu sartzen Interneten eta telefono mugikorraren erabilera egokia, gai gisa
  • Trebetasun sozialei buruzko programak egin, eta nabarmendu internet behar bezala erabiltzeak trebetasunak hobetzen lagun dezakeela
  • Giza, gizarte eta moralaren garapenerako programak abiarazi, Interneteko trenen laguntzarekin
  • Elkarrizketak egin haur eta nerabeekin, laguneei buruz eta lagunekin egiten dituzten gauzei buruz
  • Interneten eta telefono mugikorren potentzialtasunen eta arriskuen azterketa egin
  • Internet eta telefono mugikorra nola erabiltzen dituzten aztertu
  • Elkarrizketa egin, ziberbullyingari loturiko arazoez duten iritzia eman dezaten
  • Azalpenak eman, ikus dezaten gertatzen ari diren gauzak ez direla beren erruz gertatzen ari, baina lagun daitekeela berriz gerta ez daitezen
  • Ingurukoei sufri ez dezaten laguntza emateak duen garrantziari buruzko gogoeta sustatu haur eta nerabeekin
  • Bullying edo ziberbullying-kasu posibleren bat ezagutzen badu, gurasoeei eta irakasleei jakinaraz diezaioten bultzatu
  • Bere autoestimua eta bere autokonfidantza indartu
  • Behar bezalako arreta eta ardura eskaini, ohiko ohiturak eta jokabideak aldatzeak une zaila igarotzea ekar baitiezaieke, beraz, laguntza eman behar zaie, aldaketa horien sustatzeko
  • Egiten dituzten aldaketak balioetsi, baldin ziberbullyinga errotik kentzen laguntzen badute, txikiak eta hutsalak direla eman arren
  • Programak edo jarduerak bultzatu, hain zuzen, ikasleak gaituko dituztenak emozioak eta pertsonen arteko harremanak harremanak gidatzeko, eta aukera emango dietenak gatazkak ebazteko indarkeriarik gabeko metodoak ezagutzeko eta aniztasun, emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasun, tolerantzia, gizarteratze eta heziketa afektibo sexualaren balioetan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikasteko
  • Honako hauen aurrean jarrera kritikoa izan dezaten sustatu, jokabide oldarkorra, jazarpena, hizkuntza zakarra, eta pertsonak, bereziki emakumeak, umiliatzen dituzten irudiak sustatzen dituzten Interneteko espazioak eta edukiak, baita emakumeak objetu sexual huts gisa hartzen dituzten espazioak ere.

Biktimarekin hartu beharreko neurriak:

Ziberbullying egoeretan tartean izan daitezkeen neska/mutilen (erasotzailea-biktima) familiekin egin beharreko jarduerak:

  • Ezinbestekoa da nolabaiteko eragina jasan duten familia guztiekin harremanetan izatea, eta lankidetzan jardun dezaten eskatzea, beren seme-alabek gizartean eta hezkuntzan aurrerapen egokia izan dezaten
  • Seme-alabek on-line edo telefono mugikorren bitartez egiten duten jarduera ororen jakitun izan behar dute familiek. Zenbait gurasorentzat bi bitarteko horiek ezezagunak izan daitezkeenez, beharrezko bada, behar duten laguntza guztia emango zaie, guraso bitartekotzarako estrategia egokiak ezartzeko.
  • Laguntza dutela ikusi behar dute beti, aurrea har ez dezaten, horrek egoera larritu baitezake
  • Bilerak egingo dira seme-alaben portaerari eta ikastetxeak ezarriko dituen neurriei buruzko informazioa emateko. Bilerak banakoak izango dira, eta inolaz ere ez da saiatuko errudunesten, familiei lankidetza eskatuko zaie, Bizikidetza Batzordeak egoki joko dituen konpromisoen bitartez
  • Familiek aukera izan behar dute egoerari buruz dituzten iritziak adierazteko. Horri esker, arazoa aztertzen lagunduko zaie, gertatutakoari garrantzirik ez kentzen ahalegindu behar da, baina ondorioak ere ez dira diren baino handiago egin behar.
  • Adingabeak on line zein off line izan behar duen jokabideari loturiko jarraibideak eskainiko zaizkie, arazoari behar bezala hel diezaioten
  • Ahal bada, ez da familien bilera orokorrik egingo, eta ahalik eta diskrezio eta konfidentzialtasunik handienaz jokatuko da.
  • Egokitzat jotzen bada, familiari orientazioa emango zaio kanpolaguntza jasotzeari buruz, arazoari hel diezaion eta gaindi dezan.

Zirikatzea geldiarazteko dekalogoa. Biktimentzako aholkuak:

  • Eskatu laguntza
  • Ez erantzun inoiz ere probokazioei
  • Ez izan ustekizunik
  • Saiatu jazartzen zaituzten tokiak sahiesten
  • Babestu zure pribatutasuna
  1. Arrotza ekidin:
      1. Aztertu zure ordenagailua sakonki, software gaiztorik (troyanoak, spyweareak) ez duzula ziurtatzeko
      2. Aldatu erabiltzen dituzun on-line zerbitzuetako sarbideagoak
  2. Garbitu kontaktuen zerrenda
  3. Birkonfiguratu gizarte sareetako edo parte hartzen duzun antzeko taldeetako pribatutasun aukerak
  4. Ikusi zer esaten duten zutaz sarean
  5. Berrikusi zuk plazaratutako informazioa
  6. Baliatu zure datu pertsonalak babesteko eskubidea
  • Gorde jazarpenaren frogak
  • Esan edo esaten saiatu, jazartzen ari zaizkizunei, egiten ari direnak gogaitzen zaituela
  • Beren jarduna gelditu ez badute, egiten ari diren hori legearen aurkako izan daitekeela jakinarazten saiatu.

www.e-legales.net  /  www.ciberbullying.net

  • Aurreko urratsaren ondoren jazarpenak gelditzen ez badira salaketa egiteko moduran zaudela adierazi.
  • Puntu honetara iristerakoan jazarpenak bukatu ez badira, hartu legez dagozkion neurriak.

Erasitzailea identifikatzen bada, hartu beharreko neurriak

  • Barkamena eskatzea, ahoz edo/eta idatziz
  • Tutorearen kargu-hartzen pribatua
  • Ikasketaburuaren eta/edo zuzendariaren kargu-hartze pribatua
  • Irakasle taldeak berariazko zaintza egitea
  • Bizikidetza-arauak aplikatzea, kontuan izanik erasotzaileari ordaina jasotzea ekar diezaioketenak
  • Tutoreak neurriak hartzea, erasotzailea edo erasotzaileak taldean integra daitezen errazteko, gainerakoen interesak eta eskubideak errespetatuz, eta aholkulari, orientatzaile edo Berritzeguneko aholkulari espezialitatuaren aholkularitzarekin
  • Abian jartzea jokabidea aldatzeko, garapen pertsonalerako eta jokabide prosozialei buruzko ariketak
  • Aldatzeko konpromisoaren bidez esku hartzea, kontratu baten bitartez
  • Tartean diren irakasleen gurasoei azaltzea Adingabeak babesteko Zerbitzuei jakanaraziko zaizkiela tartean den haurren batek guraso-ahala ez gauzatzetik edo behar bezala ez gauzatzetik eratorritako egoeraren bat jasan duelako froga argiren bat erakusten duten kasuak
  • Kontuan izatea nerabe baten indarkeriazko jokabidea jarraitua bera jasaten ari den familiako edo besteek eragindako indarkeria baten ondorio izan daitekeela, familia barruko tratu txarren edo/eta genero indarkeriaren seinale izan daiteke
  • Baldin jazarpen sexuala bada, eta/edo eduki sexista, xenofobo edo homofoboa badu azter liteke ea egokia den ala ez berariazko lana egitea.
  • Berariazko lanak egitea
  • Familiari lankidentzan jarduteko eskaera egitea, seme-alabek Internet edo telefono mugikorra erabiltzen dutenean erabilera zaindu eta kontrola dezaten
  • Ikasketaburuaren aurrean agertzea, behar denean edo aldian-aldian
  • Erasotzailea edo erasotzaileak taldez aldatzea, baldin talde fisiko berekoak badira
  • Jarduera osagarrietan eta eskolaz kanpokoetan parte hartzeko eskubidea kentzea
  • Ikastetxera joateko eskubidea kentzea, gehienez ere hiru egunez

Eusko Jaurlaritzaren protokolo osoa irakurtzeko:

http://www.emici.net/prot-eu/ziberbullying-protokoloa.html

Advertisements
Post hau Ziberbullying atalean eta , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s